Ekaitz's tech blog:
I make stuff at ElenQ Technology and I talk about it

[EU] Genesis

Translations: en es

Blog ofizial-baina-ez-oso-ofizial honen lehenengo post bezala, nor naizen eta ElenQ Technology zer den aurkeztu nahi dut.

Hasteko, Ekaitz Zárraga naiz eta 1991. urtean jaio nintzen. Nire burua I+G ingeniari bezala deskribatzen dudan arren, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuen eta arlo horretan bakarrik egiten dut lan. Bereziki ordenagailuekin lotutako gauzak egiten ditut, programazioa eta horrelakoak, baina elektronika eta bestelako gauzak jorratzeko ere gaitasuna daukat. Hori da nire sarrera formala. Sarrera informalean jakin-min handia dudala esango nuke eta horrek beste diziplina batzutan aritzeko aukera eman didala, haien artean artea. Azkeneko puntu honek garrantzi handia dauka testu honetan idatzitakoarekin erlazio zuzena izango duelako. Hauxe da nire aurkezpena, etorkizunean kurrikulum informal bat egingo dut.

ElenQ Technology izen bat da, nire interesak eta nire izaera adierazteko izen bat baino ez. Hori esanda, aldi beran nire I+G proiektu independentea da. Adibidearen bitartez, enpresa etikoak errentagarriak izan daitezkeela erakutsiz, teknologia etikoari buruz kontzientzia eratzeko helburua duen enpresa bat da. Ez da nire lana bakarrik, performance artistiko bat da. Artelan baten antzera.

ElenQ Technology modelo ezberdin bat egin daitekeela esaten dizun artelan bat da. Aukerak badaudela eta ez zaudela korporazio baten arauekin lan egitera behartuta esaten dizu.

ElenQ Technology beste enpresetan lan egitearen eta nire ingurunean teknologiaren egoeraren analisi bat egitearen emaitza da, baina uste dut nahiko modu zehatzean orokortu daitekeela.

Hasteko, nire inguruko IT enpresek body-shopping-ean oinarritutako negozio eredu antzekoa daukate. Askotan ilegalak diren praktikak egiteaz gain soldata baxuak ordaintzen dituzte. Beste sektoreak ez dira askoz hobeak baina IT munduaren kasua guztiz ankerra da.

Ordutegiak luzatu egin dira azken urteotan. Egunean 10 ordu lan egitea normala bihurtzen hasi da. Krisi Ekonomiko™ famatuaren ondorioz, prekaritatea normalizatu egin da, gehien bat, enpresek argi daukatelako jendeak lanaren behar larria daukala.

Hori esanda, erraz ulertu dezakezu teknologiaren mundua nola dagoen. IT korporazioek haien bezeroak eta langileak errespetatu gabe dirutza egiten dute. Bezeroak lotuta izateko produktu propietarioak saltzen dituzte. Haien helburu nagusia daukaten negozio eredu ustelaren etorkizuna bermatzea da.

Hau da bizi dugun egoera. Lehen esan bezala, erraz orokortu daiteke, aipatutako enpresa gehienak atzerrikoak direlako eta beste herrialdeetan ere kokatuta daudelako.

Nire kasuan, leku hobe batean lan egiten nuela uste nuen. Lan baldintzak hobeak ziren bertan. I+G ingeniari postu bat nuen enpresa moderno batean. Hamar bat pertsonaz osatutako departamendu txiki isolatu bat zen. Enpresaren jostailu berriak egiten genituen. Nahiko dibertigarria zen.

Denbora pasa ahala, lan baldintzak hain onak ez zirela konturatzen hasi nintzen. Aipatu nahi ez ditudan gauza asko gertatu zirenez, bertan txarto sentitzen hasi nintzen eta, gainera, nire egoera pertsonalak ez zuen batere lagundu. Oso pertsona kuriosoa naiz eta lanak nire jakin-mina asetzeko ematen zidan aukera desagertzen hasi zen. Nire denbora librean gauza berriak ikasten eta aztertzen hasi nintzen. Lan aspergarria barneko antolaketa arazoekin batu zen eta nire bizitza kudeatzea oso zaila egin zitzaidan.

Depresioan murgilduta, enpresak, burtsara ateratzea helburu zuela, bere negozioa handitu nahi zuen. Gure departamenduak, enpresaren I+G-aren erantzulea zenez, enpresaren kontzeptu-proba berrien garapena egin behar zuen. Enpresak zituen datuak aztertzea eskatu ziguten. Pertsonen kokapena jarraitzea eskatu ziguten, mundu osotik, edozein momentuan. Ez zuten bezero eta ez-bezeroen arteko ezberdintasunik egin nahi. Guztiak jarraitzeko eskatu ziguten.

Hori gehiegi zen niretzat. Arrazoi etikoengatik utzi nuen lana. Ez dut horretan parte hartu nahi.

Teknologia eratzen den modua aldatu nahi izan dut beti. Nire kabuz teknologia egitea eta besteak gauza bera egitera bultzatzea beti egon da nire buruan baina orain arte ez dut salto hori emateko ausardirik izan. Gertatutakoak falta zitzaidan bultzada eman zidan.

Baina, zergatik ez mugitu beste lan bateara?

Momentua zela uste dut. Denbora luzez ibili naiz teknologia etikoari buruz pentsatzen eta nire esparruan, Ikerkuntza eta Garapenean, aplikatu nahi nuen. Gainera, nire inguruko enpresetan izango nituen arazoak ikusita, zuzenean sustraira joatea erabaki nuen. Beste modelo bat saiatzea erabaki nuen. Beste aukerarik al nuen?

Mundua txarrerantz aldatzen giro deprimagarri batean lan egitea benetako aukera bat al da?

Pentsatu ondo.

Orduan, ElenQ Technolgy-k nire inguruko konpainien negozio modeloa apurtzen du. Teknologia Etikoa garatzen du, modu etiko batean. Hori ona da niretzat, zuzenean, niri gustatzen zaizkidan gauzetan lan egiteko aukera ematen didalako, etorkizunean eduki ditzakedan umeentzat mundua hobetzen dudan bitartean. Eta bezeroentzat, proiektuak garatutako teknologia bezeroarena izateko moduan kudeatzen ditugulako, Software eta Hardware Librearean printzipioak eta Diseinu Etikoaren Manifestoa (gure esparrura moldatuta) jarraituz (gehiago irakurri dezakezu hemen).

Mundua aldatu nahi dut, zuk ez?

Nik bakarrik ezin dudala mundua aldatu konturatu naiz, beraz, ElenQ Technology-k besteak nik (behartuta edo ez) hartu nuen erabakia hartzera bultzatzea du helburu.

Aldatu dezagun mundua guztiok batera.

Blog honi buruz

Jada konturatu zara blog hau ElenQ Technology-ren blog ofiziala ez dela. Nire blog ofizial-baina-ez-oso-ofiziala da, ElenQ Teknology-ren parte (edo buru, baina ez dut hitz hori gustoko) bezala.

Hemen ElenQ Technology-ri buruz idatziko dut, bere filosofia, helburu, arrakasta, etab.-ei buruz. Baina gehien bat egiten dugunari buruz idatzi nahi dut, hori baita niretzat interesgarriena. Prozesuaren parte egin nahi zaituztet.

Hizkuntzei buruz

Blog hau ingelesez idatziko da, baina aukera dago testuak (hau bezala) beste hizkuntzetara itzultzeko. Blogak baimentzen duen bitartean nahiago dut aukera prest uztea komunitateak itzulitako testuak gehitzeko edota, kasu honen moduan, nik egindako itzulpenak igo ahal izateko.